Fini da

 

Fini da Idazkola. Hemendik aurrera, 31eskutik blogean, Berriako «Hirudia»n eta beste leku batzuetan egingo dugu topo.

Izan zoriontsu.

Advertisements

Maitale ohiarekin

Loriatan irakurtzen ari naiz Itxaro Bordaren Boga boga eleberria, Amaia Ezpeldoi detektibe rural baionartuaren azkena.

Eleberri beltzaren itxurapean, sakonera handiak iragazten dira azalera, ordea.

Bereziki interesgarria izan zait Amaia Ezpeldoik bere maitale ohi batekin izaniko elkarrizketa bat. Amaiak neska-lagun berria du, Nolwen izeneko jandarmeriako kapitain bat. Maitale ohia, horren berri jakitean, amodioaren (sexuaren) balio terapeutikoaz hasten zaio erasian.

— Segur naiz Nolwenekin egunerokoak dakarren anbiguitate zamaz jabetuko zarela. On dagikezu ikastea askotan ez dela egoera beltz edo zuri. Maitasuna bezalakorik ez da gure zoko-gune minberenetan labana landatu eta aurpegia odolez blai Edipo gizagaixoaren antzera oihuz galdezka plazara bultzatzeko. Larrua jotzen duzun oroz zerbait mugitzen da munduaren sabelean, ukimena, urrikalmena eta ulermena biderkatuz. Ordura arte irudika ezina zitzaizuna egiten duzu eta ohartzen zara hori dela jendetasunaren zutarria. Aitzina goaz gure baitako etsaia, arrotza, arerioa eta ezberdina onartuz. Mugarik ez altxatuz. Saalburgeko limes ukigarria argiki ez da bizi garenontzat eraikia…

— Bukatu da?

— Zer?

— Asteleheneko moral irakasgaiaren orena…

— Bai, bukatu da. Eta bozkariatzen naiz zuregatik.

Hain eder eta plaxent idazten du Itxarok, gainera.

Lehengo denboretako diskurtso bat

Gaur, Juan Bautista Larretaren opuskulo bat dakarkizuet, Bergaran 1910ean eginiko hitzaldi baten oinarritua: Las escuela Láicas / Jaungoikorik gabeko eskolak.

Andoaindarra nor izan zen garaiko gizartean: idazlea, Euskal Esnaleko idazkaria, euskaltzaina, Gipuzkoako Liga Foruzale Autonomistako kidea, Gipuzkoako Biltzar Nagusietako diputatua… Jaun engaiatua zen, beraz, Azelaingo Nagusia (batzuetan ezizen hori erabiltzen zuen bere idatzietan).

Hona aldatutako testua eskola laikoen kontrako kanpainaren barruan esandakoak dira. Besterik gabe, diskurtso atzerakoi baten emaitza zaharkitutzat har daitezke hitzok, baina egingo nuke diskurtso horren aztarnarik iritsi dela gaurdaino, nola edo hala.

Batetik, abertzaletasun suhar barregarria dugu:

Euskalduna naiz, baita nai ere! eta Jainkuari mesede hau beti zorko diyot.

Jayo baño len ezaguera izan banu; munduban diran toki ta baztar guztiyak zer ta nolakuak ziran jakiñ izan banu; eta gure Jaun-Egilliak galdetu izan balit nun jayo naiko nuben, Euskal-erriya aukeratuko nuben, mendi tarte oyetan jayo nai nubela esango niyon.

Kristau-jantziz erantzi jarduna, eta nago gaur egun ere askok sinatuko lukeela (zenuketela) amodio-adierazpen abertzale kartsu hori. Horretan, bistan denez, harrokeria eta nagusikeria ez daude urrun, eta, gainera, ordokietako euskaldunei ukatzen zaie euskaldun izatea. Elizalderen harako hura berriro: Ikusten duzu goizean / eguna hasten denean / menditxo baten gainean / etxe txikitxo zuri polit bat lau haitz handiren erdian/ iturritxo bat aldean / txakur txiki bat atean. Euskaldun izateko molde bakarra menditar izatea balitz bezala.

Bigarren pasartea bitxikeria bakar batengatik ekarriko dizuet: Madrilen erabilerari errepara diezaiozuen (aski azkarrak baitzarete argibiderik gabe ulertzeko, eta nik, hala, iruzkina luzatzea aurreztu):

Eskolak! Jaungoikorik gabeko ta Jaungoikuaren kontrako eskolak esekintzen dizkigute noski Madrildik, an agintzen jarri zaizkigun gizon oyek!

Gaur ere erabat txertatua dugu diskurtso politikoan Madril hori, edo, azkenaldian, Ebroz haraindi esapidea.

UEU eta itzulpengintza

UEUren Bizipenen blogerako eginiko testutxoa.

Itzulpengintza eta UEU aspalditik ibili dira eskutik helduta. Izan ere, UEU ezinbestekoa izan da, euskal itzulpengintza mundu akademikoan sartzeko, artean lizentziaturarik edo graduondokorik ere ez zela. Hala, askok halaxe izan genuen lehenbiziko harremana geroenean lanbide izango genuen honekin.

Duela ia hogei urte izan nintzen lehen aldiz UEUk antolatutako ikastaro batean. «Haur-literaturaren itzulpengintza» edo zuen izena, eta han, Larraona famatuan, ezagutu nituen Juan Kruz Igerabide, Ana Morales, Asun Garikano, Gerardo Markuleta eta beste hainbat izen printzipal. Lehen ikusian jota maiteminduta geratu nintzen. Hurrengo urtean ere itzuli ginen, eta… gaur arte.

Geroztik, zenbait ikastaro antolatzen lagundu dut: duela lau urte EIMAren idaztarauei buruzkoa eta aurten Literatura Unibertsala itzultzeari buruzkoa. Aurtengoa berezia izan da, gainera: batetik, UEUren urteurrena genuen, eta, bestetik, EIZIEk sustaturiko Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroa.

Eta UEUk ez digu hutsik egin, oraingoan ere, zeren adin guztietako itzultzaileentzat elkargune ezin hobea izan baita, hain berezko duen klaserik gabeko giro horretan (klasearen adiera bietan). Irakasleak pozik, itzultzailearen zeregin bakartia jendaurrean erakusteagatik, eta ikasleak ere pozik, profesional bikainen hitz zuhurrak entzuteagatik.

Batzuk, beharbada, Iruñeko egonaldien minez egongo gara, baina hori zahartzen hasiak garen seinale baizik ez da, UEUk ez baitu funtsezkotik ezer galdu, eta hor dago, eta eskerrak hor dagoen.

Imitazioa

EIZIEren 31 eskutik blogean egindako ekarpena: «Imitazioa».

 

Ez dira gutxi gaur egun tiraderetan gordeta, ezin argira aterata, dauden itzulpenak. Eta lehenagoko denboretan ere ez ziren gutxi izango. Bartleby izkiriatzailearen hegalean, esaterako, editoreak gaztigatzen zigun Juan Garzia Salman Rushdie-ren Midnight´s Children euskaratzen ari zela, baina jaio gabe geratu ziren ume horiek. Juani galde eginda, txokoren baten zirriborroren bat egongo zela erantzun dit. Eta zenbat halako?

Silvain Pouvreau-ren Iesusen imitazionea (1669) dugu horien arteko. Euskaraz helduaroan ikasitako lehen euskal idazleetako bat dukegu Pouvreau, eta idazle emankorra izan zen, baiki, baina liburu hura inprentara eman gabe geratu zen. Lan ehoak egin beharko zituen, alajaina, Imitazioaren bost liburuak euskaratzen.

Liburuak, ordea, ez zuen askorik itxaron behar izan euskaraz jantzita ateratzeko: 1684an, Aranbilaga Ahetzeko apaizak argitaratu baitzuen bere Jesu Kristoren imitazionea. Aranbilagak hirugarren eta laugarren liburuak baizik ez zituen itzuli, hala ere, obra osoa euskaratzeko asmoa agertu zuen arren.

Liburuak, beraz, apur bat gehiago itxaron behar izan zuen osorik euskaraz agertzeko, baina ez hainbeste urte, 1720an Mixel Xuriok bete baitzuen egiteko hori. Geroztik, izan dira beste bertsio batzuk: Martin Maister (Jesü-Kristen imitazionia, 1757), Frai Jose Kruz Etxeberria (Jesusen Imitacioco edo Berari jarraitcen eracusten duen liburuba, 1829), Duvoisin kapitaina (Jesu-Kristoren imitazionea, 1896), Leon Leon (Jesu-Kristoren imitazionea, 1929). Kontu egin Bibliaren ondoren Tomas Kempiskoaren (1380-1471) liburu honek beste ezein liburu katolikok baino zabalkunde handiagoa izan duela.

XX. mendearen hasieran, Donibane Lohizuneko Poxelu liburuzain ezagunak oraindik ez zuen Pouvreauren lanaren berri, nonbait, 1896n honela mintzo baitzen Euskal-Erria aldizkarian:

1720ean Murde Chourio, Donibane-Loitzuneko erretorak, leenbiziko aldikotz eskuarat itzuli izan zuen Jesu-Kristoren Imitazionea.

Kontuak kontu, Aranbilagak ere ez zuen Pouvreauren lanaren berri izan, Gaspard de Prielle Baionako apezpikuari egindako eskaintzan adierazi bezala. Laster ikusiko dugunez, ez zuen kalterako izango Pouvreauren erreferentzia izatea.

Ene jauna,

Jesu Kristoren bizitzearen Imitazionea haiñ nezesarioa bada Gurutzearen eta Ebanjelioaren Ume egiaskoentzat, non hetarik eziñ dispensa baititeke giristiñotasunaren izenari ukho egin gabe; hetako erregela ederrak ematen dituen liburu hau esta egundaiño izatu gure Eskaran orai arteraiño; denbora luzez nigar egiteko arrazoiñ handia izan dut Iaundoni Iauni Ebanjelistarekiñ ikhusteaz nihor eziñ ausarta zeitekela liburu hunen idekitzerat; beldurtasuna banuen entreprenitzeaz Eskuarat ematea ene aitziñeko eta ene denborako zuhurrek herabe zutenaz; baiñan nola espaita zilegi egiñ bidesko gauzetan bere indarrak konsultatzea, zure Ziburuko Elizan dudan Sakramenduen administratzeko arthak inspiratu darot haren pobluari zor nioela liburu bat haren hiskuntzarat ematea…

Azkenik, jostagarri gisa, liburuko pasarte bat aldatu dizuet hona (3. lib., 5.2 kap.), bi itzultzaileen lanak alderatzeko. Amodioan flako izatearen kalteez dihardu pasarteak (bixigarriren bat izan dezan zuentzat):

Pouvreau

Baina zeren oraino flako bainaiz amudioan eta eskas bertutean: hargatik beharra dut bortitz eta konsola nazazu.

Bisita nazazu bada maiz eta dotrina nazazu zure dotrina sainduez.

Libra nazazu pasione gaixtoetarik eta senda zazu ene bihotza afekzione desordenatu guzietarik, arren barrenean sendaturik eta ongi garbiturik egin nadin gai eta baso maitatzeko, bortitz pairatzeko, finko eta fermu irauteko.

Aranbilaga

Baiñan nola oraiño amudioan flako eta bertutean inperfekt bañais, badut beharra nezesarioki borthitz eta konsola nazazun, hargatik mais bisita; eta zure zuhurtzia sainduas argi nazazu.

Ene pasione guzietarik libra nazazu, eta afekzione erregelatu estirenetarik senda nazazu, ondoan barnean sendaturik eta ungi purgaturik, aski garbi egin nadin, zure maitatzeko, aski kuraios ungi sofritzeko, eta aski fermu edo konstant fiñeraiño perseberatzeko.

Itxura baten, Pouvreauren testua airosagoa da, seguruena Aranbilagarena lotuago dagoelako jatorrizkoari, eta hitz-aukeran herrizaleago.

Ez dezagun ahatz hau blog bat dela, eta utz dezagun bere honetan gaurko jarduna; ez, ordea, esan gabe itzultzailea muinean imitatzaile bat baizik ez dela.

Idatzi ondokoa: Ricardo Gómezen iruzkinen arabera moldatua.