Maitale ohiarekin

Loriatan irakurtzen ari naiz Itxaro Bordaren Boga boga eleberria, Amaia Ezpeldoi detektibe rural baionartuaren azkena.

Eleberri beltzaren itxurapean, sakonera handiak iragazten dira azalera, ordea.

Bereziki interesgarria izan zait Amaia Ezpeldoik bere maitale ohi batekin izaniko elkarrizketa bat. Amaiak neska-lagun berria du, Nolwen izeneko jandarmeriako kapitain bat. Maitale ohia, horren berri jakitean, amodioaren (sexuaren) balio terapeutikoaz hasten zaio erasian.

— Segur naiz Nolwenekin egunerokoak dakarren anbiguitate zamaz jabetuko zarela. On dagikezu ikastea askotan ez dela egoera beltz edo zuri. Maitasuna bezalakorik ez da gure zoko-gune minberenetan labana landatu eta aurpegia odolez blai Edipo gizagaixoaren antzera oihuz galdezka plazara bultzatzeko. Larrua jotzen duzun oroz zerbait mugitzen da munduaren sabelean, ukimena, urrikalmena eta ulermena biderkatuz. Ordura arte irudika ezina zitzaizuna egiten duzu eta ohartzen zara hori dela jendetasunaren zutarria. Aitzina goaz gure baitako etsaia, arrotza, arerioa eta ezberdina onartuz. Mugarik ez altxatuz. Saalburgeko limes ukigarria argiki ez da bizi garenontzat eraikia…

— Bukatu da?

— Zer?

— Asteleheneko moral irakasgaiaren orena…

— Bai, bukatu da. Eta bozkariatzen naiz zuregatik.

Hain eder eta plaxent idazten du Itxarok, gainera.

Utzi iruzkina